XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOAKIN LIZARRAGA, ELKANOKOA, KOPLAK Dakizuen bezala, orain dela hamar bat urteaz geroztik Elkanoko Lizarragari lotua nabil, beraren bizitza, idazlanak eta literatur nortasuna ezaguterazteko asmoarekin.

Lehenbizi bere bizitzaren gorabeherak ikertu nituen eta horri buruz liburu bat prestatu eta argitaratu.

Berehala Cateximaren lehenbiziko zatia argitaratu nuen, kristau fedeari dagokiona alegia, edo egileak dioen bezala, Fede christioaren gáin.

Beste hiru zati gelditzen dira zinzilik argitaratu beharrean: bigarrena Mandamentuei buruz, hirugarrena Sakramentuei buruz eta azkenekoa Otoitzari buruz.

Lan honetan irauteko asmoa nuen nik, eta bigarren zatia prestatzen ere hasia nintzen.

Baita ere Gasteizko Teologi-Fakultateko Scriptorium Victoriense delako aldizkarian laugarren zatia, Otoitzari dagokiona, argitaratzen hasia naiz aurten.

Hala ere, egia esan, eginkizun honen harian atzeratu egin naiz, Lizarraga beraren beste idazlan batek aurrea hartu diolako.

Izan ere orain dela lau bat urte bere Koplak aztertzen hasi nintzen, Satrustegi adiskideak eginkizun honetara bideratuta.

Dakizuenez, Lizarragak alor honetan egin zuen lana harrigarria da.

Hamahiru mila eta bostehun bat bertso-lerro utzi dizkigu bere eskuiskribuetan barreiatuak eta zazpiko edo lauko koplatan eratuak.

Materiale ugari hau Nafarroako Artxibu Generalean gordetzen da orain gehienbat eta hiru eskuiskribuetan batez ere bildu zituen egileak berak.

Eduki aldetik, kristau mezuari dagozkion gaiak erabiltzen ditu beti Lizarragak kopletan, bere gainerako obra guztian bezala.

Nire lehenbiziko lana materiale guztia biltzea eta ordenatzea izan da.

Egileari jarraituz, lau gai nagusitan sailkatu dut guztia.

Hauek dira gaiak: Ama Birginaren bizitza eta debozioa; Jesusen bizitza edo historia jaiotzetik hasi eta berbiztu arte; Eukaristi misterioa; eta azkenik, kristau doktrinaren egiak.

Gai hauen herrenkadari jarraituz, lau ataletan sailkatzen dut obra guztia; eta atal bakoitzak egileak berak ipinitako titulua darama.